Garaikur berriak emango dira aurtengo jaialdian, Sahatsa Jauregi artistak egindakoak hain zuzen.

Euskal Zine Bilerak zinemagintzaz gain, artearen esparru ezberdinetara zabaldu nahi ditu bere mugak. Hau kontuan izanik, jaialdiaren garaikurra berritzeko deialdia egin zuen duela hilabete batzuk. Gainera, 2023tik aurrera euskal artista batek hartuko du garaikurra diseinatzeko enkargua, eta hiru urtero beste sortzaile bati pasako dio testigua. 46. edizio honetako garaikurra Sahatsa Jauregi artistak (Taparica, Brasil, 1984) egin du. Ezezaguna eta ezagunaren, hurbilekoa eta urrunekoaren arteko harremanean oinarritutako pieza bat aurkeztu du Sahatsak. Julio Medem-en “Vacas” filma ere abiapuntutzat hartuta, EZBko urrezko antzarra testuinguru berritu batean jartzeko.

Pantaila irekia
Euskal Zine Bilerak euskarazko zinemagintza bultzatu eta sustatzeko lana egiten du eta badaude antzerako helburua duten beste eragile batzuk ere. Hori dela eta, garrantzitsutzat ematen da horiekin ere elkarlana sustatzea. Edizio honetan asko izango dira bidelagunak baina, berrikuntza gisa, Gasteizko Artium Museoarekin partekatuko dugu tarte berezi bat. Pantaila irekia ekimenaren barnean euskal kulturgintzaren alorreko erakundea den Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoarekin elkarlanean abiatzen da “Zine Elkarrizketak” egitasmoaren bidez. Artium Museoko “Z” aretoan erakutsitako hiru euskal sortzaileren lanen aukeraketa bat proiektatuko da eta egileekin elkarrizketa egingo da ostean. Ainara Elgoibar-en “Gold 20”, Maddi Barber eta Marina Lameiro-ren “Paraíso” eta Irati Gorostidi eta Mirari Echavarri-ren “San Simon 62” filmak ikusi ahalko dira.

Andrezaharraren Manifestua
Mari Luz Estabanek idatzitako «Andrezaharraren manifestua» zine bilakatuta. Manifestu bat da esanguraz bete nahi den aldarri bat gai, arlo, eremu batean non esanahiak kerratuz doazen eta errealitate berriak isilik ere garrasika hasten diren. Lehiaketaz kanpo emango den film honek Mari Luz Esteban antropologarekin solasean aritzeko aukera emango du.

Esan bezala, aurtengo jaialdiak bidelagun asko izango ditu eta baita zenbait sorpresa. Gogoratu, Euskal Zine Bilera urriaren 19tik 22ra ospatuko dela Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan. Informazio gehiago www.zinebilera.eus orrialdean. Zatoz eta jarraitu zinearen lorratza!



Anterior
Anterior

Lekeitioko zine jaialdiak Elena Irureta eta Ane Gabaraini emango dio Euskal Zinemaren Begirada saria, euskal zinemagintzan egin duten ekarpena omentzeko asmoz.

Siguiente
Siguiente

Benito Ansolaren bizitza zinemazaleari buruzko dokumentalean lanean